Basauri Koral Elkartea 2014

 

Basauri Koral Elkartea

      Basauri Koral Elkarteak Pedro Bilbaoren eskutik 1946an ekin zion bideari. Bera izan zen abesbatzaren lehenengo zuzendaria. 71 urteko bizitza aktibo eta etengabearen ondoren eta dedikazio eta ilusio handiarekin, abesbatzen artean aintzatespen handia lortu du. 

 

      1973tik Basauriko Abesbatzen Agerketa (gaur egun Basauriko Ahots-Musika Topaketak, BAT) antolatzeaz gainera, bertan parte hartzen du Euskal Herriko, estatuko zein nazioarteko beste hainbat talde garrantzitsuenekin batera. Kultur erakundea izanik Begoñako basilikan egiten den Bizkaiko Abesbatzen Astearen sortzailea eta sustatzailea ere bada.

 

      Hainbat musikari eta orkestren laguntza izan du kontzertuetan. Esaterako, Orkestra Nazionala, Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Sinfonietta Riccercare orkestra, Piccolo String harizko seikotea edo Behotsik orkestra. Aspaldian, gainera, Ales Larrazabal piano-jotzailea izaten dute lagun. 

 

      Abesbatza, batez ere, basauritarrek eta ondoko herrietako biztanleek (Arrigorriaga, Galdakao, Bilbo) osatu izan dute eta osatzen dute. Gaur egun adin ezberdinetako 30 bat lagunek abesten dute abesbatzan. Hala ere, guztiek zaletasun bakarra dute: musikarenganako maitasuna.

 

      Helburu nagusia bai Euskal Herrian bai Euskal Herritik kanpo musika korala sustatzea da, kontzertuak emanez, lehiaketetan eta sariketetan parte hartuz eta abar. Errepertorio zabala dauka unean-unean egokitzen duena: polifoniatik eta folklore nazional eta internazionaletik hasi eta gaur eguneko musika abangoardistara arte, jazz, pop edo gospela ere barnean direla eta euskal konpositoreei tarte berezia emanez. Guzti hori dela eta, hainbat konpositorek Koralari beren beregi eskainitako lanez gainera, musika artxibo garrantzitsua du. 

 

      Egitasmoen artean honakoak dira azpimarratzekoak: musical ezagun bi, “Ederra eta piztia” eta “Mary Poppins”, eta John Rutter, Karl Jenkins, Joel Raney edo J.M. Michel bezalako konpositore garaikide ezagunen lanak.

 

      Irailean Joel Raney-ren “We Remember Calvary” estreinatu zuen. Arrakasta ikaragarria izan du bai entzuleen bai kritikaren aldetik. Obra hori honakoetan abestu du: koralak antolatzen duen BATean, Begoñako Anaidiak antolatutako Garizumako Eleiz Kontzertuan, Corrales de Buelnako “Jornadas de Canto Coral” izenekoetan eta Aita Donostia Musika Astean.  

 

 

 

 

  • Wix Facebook page
  • YouTube Classic
  • Wix Twitter page
  • Wix Google+ page